Gaztaren ibilbidea
Gaztaren ibilbidea
Artzaintzaren eta industriaren garrantzia
Ordizian hasi eta amaituko dugu oinezko ibilbide zirkular hau. Bertara kotxez edo trenez iritsi gaitezke. Bailara bat baino gehiago zeharkatuko dugu, eta elkarrengandik oso gertu ikusiko ditugu artzaintza eta nekazaritza, eta meatzaritza eta burdingintza. Lehen egunean, Olaberritik igaro eta gero, Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroan, gaztak eta artzaintzak gure ingurunean duten garrantziaz jabetuko gara. Ondoren, Gipuzkoako herririk zaharrenetariko bat, Segura, ezagutu eta gero, Zerainen hartuko dugu atseden. Bigarren etapak meatzaritza izango du ardatz. Mutiloatik Legazpira iritsiko gara, eta Mirandaola bisitatuko dugu. Gaua inguruan igaroko dugu, handik ez oso urruti. Biharamunean, bideak Arantzazura eramango gaitu. Han, Gomiztegiko artzain eskolan sartu-atera egin, eta santutegia ikusiko dugu. Ospe handiko santutegia da, erromes askoren helmuga eta arte sakratu garaikidearen erakusgarri bikaina, baita euskara batuaren sorlekua ere. Arantzazun esnatu, eta Aratz-Aizkorriren bihotzera joko dugu. Urbian geldialtxitxoa egin, eta Otzaurteraino jarraituko dugu. Bosgarren etapan Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan ibiliko gara. Etzegaraten barrena, Lizarrustira iritsiko gara. Azken etapan, Lareoko urtegiaren ertzetik, Enirioko saroira igoko gara, eta handik behera, Aralarko larreetan barrena, Goierri aldera joko dugu. Osinberdeko ur jauzia ikusi, eta Lazkao Txiki bertsolari handiaren jaiotetxetik igaroko gara. Ordizian, D`elikatuz Zentroan emango diogu amaiera gure ibilbideari. TALDEA: 7 - 14 lagun, bi gidarirekin (bidaia egiteko, gutxienez 7 lagunek eman beharko dute izena).


















Ibilbidea
Ordizia – Beasain – Olaberria – Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroa – Segura – Zerain
15 km, 300 m-ko desnibel +
Lo: aterpetxea
Zerain – Mutiloa – Gabiria – Aztiria – Mirandaola – Brinkola
17 km, 700 m-ko desnibel +
Lo: landetxea
Brinkola – Barrendiolako urtegia – Bihozkorniako lepoa – Gomiztegiko artzain-eskola – Arantzazu
12 km, 1.000 m-ko desnibel +
Lo: aterpetxea
Arantzazu – Urbia – San Adrian – Otzaurte
16 km, 900 m-ko desnibel +
Lo: ostatua
Otzaurte – Etzegarate – Balenkaleku – Intsusburu – Lizarrusti
19 km, 1.200 m-ko desnibel +
Lo: aterpetxea
Lizarrusti – Lareoko urtegia – Enirioko saroia – Osinberde – Lazkaomendi – Ordiziako D’elikatuz zentroa
16 km, 900 m-ko desnibel +
95 km, 5.000 m-ko desnibel +
Bidaia honen prezioak barnean hartzen ditu lotarako tokiak, janaria eta sarrerak. Une oro bi gidari joango dira taldearekin.
Etapaz etapa, antolakuntzak garraiatuko ditu beharrezko gauza guztiak leku batetik bestera; beraz, norberak egunean eguneko gauzak bakarrik eraman beharko ditu motxilan.
Bost gauak aterpetxe, ostatu eta landetxeetan igaroko ditugu, pentsio erdian.
Mendiko Federatuen Asegurua indarrean izatea gomendatzen da. Izan ezean, asegurua kontratatzeko aukera eskaintzen dugu.
Egutegia
Ibilbide honi dagozkion datak.
Uztailak 17 - Uztailak 22
Larunbata - Osteguna
Harremanetarako
Izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko, jarri gurekin harremanetan. Josu Iztueta Azkue (669 022 215) Iker Iriarte Iribar (685 709 287) info@nairobitarra.eus